Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

ENTREVISTA EN GOIERRIKO HITZA


Goierriko Hitza ha entrevistado al entrenador Iñigo Cantero


Iñigo Cantero - Urola Laztiko entrenatzailea

«Une honetan nazional maila handiegi eta lurraldekoa txikiegi gelditzen zaigu»

Zumarraga

Pasa den asteburuan Ormaiztegiren kontra berdindu eta Gipuzkoko I. mailako liga irabazi zuen Urola Laztik.

Miriam Luki

Hamabi urte zituela hasi zen Iñigo Cantero (Urretxu, 1972) eskubaloian jokatzen. La Salle ikastetxean zegoela hasi eta eskubaloia gogoko zuen fraide batek nota igotzen ziela dio. Urola taldeko eskubaloiko kategoria guztietan aritu izan da lehenengo taldea entrenatzera iritsi den arte. Astean hiru entrenamendu egiten dituzte eta asteburuan partidak han eta hemen. Pasa den igandean bere taldeak liga irabazi zuen Ormaiztegiko taldearen kontra partida berdindu eta gero. Igoera fasea jokatuko dute orain.

Zergatik egin zenuen eskubaloiaren aldeko hautua?

Futbolean nahiko txarra nintzela esan zidaten eta eskubaloian hasi nintzen. Eroso sentitu nintzen hasieratik eta jarraitu egin nuen. Futbola baino minoritarioagoa da baina jokalarien artean, taldearen artean lotura estuagoak sortzen direla uste dut.

Denboraldi honetan igoko zinetela espero zenuten ala sorpresaz hartu zaituzte?

Iaz jaitsi egin ginen eta aurtengo kategorian, Lurraldeko Lehenengo mailan ondo moldatu gara, batez ere bigarren erdian. Une honetan nazional maila handiegi gelditzen zaigu eta lurraldekoa txikiegi. Tarte horretan gaude.

Denboraldia erraza izan da orduan?

Ez, lehian aritu behar izan dugu buru-belarri. Abenduan lehenengo bueltaren ondoren, bosgarren postuan geunden, baina bigarren buelta ona egin dugu, ez dugu partida bakar bat ere galdu. Ormaiztegiren kontra berdinketarekin bukatu genuen, baina puntu bakarra behar genuen titulua ziurtatzeko, eta emaitza horrekin nahikoa izan genuen.

Igoera fasea zertan datza?

Denera hamar partida jokatuko ditugu ekainera bitartean. Gipuzkoako hiru talde gaude, Bizkaiko bi eta Arabako bakarra. Horietatik guztietatik bi talde bakarrik igoko dira nazional mailara.

Gogorra egiten al da?

Bai. Ligaxka honetan ondoen mantentzen denak irabazten du. Garai honetan eguraldi ona hasten da eta zaila izaten da partidetarako jokalari guztiak izatea, bestelako konpromisoak sortzen zaizkielako eta ez, ez da erraza. Hala ere, gakoa hasieran bizpahiru partida jarraian irabaztean datza, horrela motibatu egiten dira jokalariak ere eta irabaztea eta irautea errazagoa egiten da.

Borondatezko lanean zu ere.

Bai, baina uste dut gure belaunaldia izango dela horrelako lanak egingo dituen azkena.