Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

KADETE GIZONEZKO TELDEEN LEHEN GARAIPENAK


Kadete Gizonezko mailan ditugun bi taldeak asteburu honetako partidak irabazi dituzte, bata Arrasateren aurka eta bestea Pulporen aurka.

Badirudi 2009/10 denboraldian, kadete gizonezko mailan behintzat, gure herriotan, eskubaloiak indarra hartu duela. Izena eman duten jokalari kopurua kontuan edukita 2 talde sortu behar izan ditugu.

Lehen taldea, UROLA KE izenen jokatzen duena, 2. urteko kadetez osatua dago. Hauei infantil mailako jokalari batzuk gehitu zaizkio 14ko taldea osatu arte. Iker Hernández, "Canario", dute entrenatzaile eta lehenengo jardunaldian porrota jasan izan bazuten ere, larunbatean garaipena lortu zuten, 27 eta 25, Ispillan Arrasateko Talleres Chapime taldearen aurkako norgehiagokan. Partidan epailea nabarmendu zen bereziki. Erabaki bitxiak hartu zituen eta txartelak dantzan erraz jarri. Horrela lau jokalari kaleratu zituen bi minutuko egozteak pilatzeagatik eta bisitarien atezainari zuzenean txartel gorria atera zion, guztiz bidegabezko erabaki bat hartuz. Arrasatearrak ia bigarren zati osoa jokalari bat gutxiagoz aritu ziren kaleratze horien erruz. Harmailetan bildu zen ikuslegoa ere harrituta gelditu zen eta hainbat unetan txantxetan jardun zuen epailearekiko.

Bigarren taldeak UROLA KE · PREMAK izenez jokatzen du, José Ángel García Vara du entrenatzaile eta lehenengo urteko kadetez osaturik dago. Lehenengo jardunaldian Usurbilen aurka porrot handi samarra hartu bazuen ere, egoerari buelta eman eta ongi landutako garaipena lortu zuen Zumaiara eginiko bisitan. Partidaren lehen hogeita hamar minutuak oso berdinduak izan ziren. Markagailuan txandakatze ugari eman baziren ere tarteak txikiak izan ziren uneoro. Lehen zatiaren amaierara hamarnako berdinketarekin iritsi ziren. Bigarren zatiaren hasieran gure mutilek aurretik jarri ziren beste behin eta mantentzea lortu zuten hiru goleko errenta hartu zuten. Amaieran 18 eta 20. Defentsako lan serio eta indartsua, eta erasoan lasai eta burutsu aritzeak izan ziren ongi landutako garaipen honen giltzarriak.

Aipagarria da baita ere talde honek atzetik dituen jarraitzaile bikanek ez zutela hutsik egin eta iaz infantiletan bezala jokalariak txalotzen eta animatzen zaratatsu jardun zutela.

- Estadisticas jornada 2 Urola Premank.doc