Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

AMAIGABEKO ESKUBALOI JARDUERA ISPILLAN


Aukera bikaina izan zen larunbatean eskubaloiaz gozatzeko. Goizean goiz eskolarteko benjaminak aritu ziren eskolarteko lehen jardunaldian. Eguerdi partean UROLA ESKUBALOI TALDEKO infantilen arteko derbia izan zen eta arratsalde partez jubenil eta kadete gizonezkoak jokatu zuten.


Atsedenaldi jardueraren ondoren UROLA ET ANTONIO ARANZADIko mutilek ez zuten oso arerio samurra, Ordizia Rotulo Studiok gauzak estu jarri bai dizkio indarrak neurtu dituzten bakoitzean. Aurreikusten zen bezala lehia estua ikusi genuen larunbat arratsaldean Ispillan.

Lehen zatian bisitariek izan ziren une oro aurretik, beti ere markagailua oso estu zegoelarik. Geureak aurretik jartzeko aukerak izan zituzten arren, abagune garbiak gol bihurtzeko ez ziren gai izan. Defentsan ahul aritu ziren eta ordiziarren ohiko jokoa gelditzen ez asmatzeaz gain, 7-8 metroko jaurtiketa erosoak egiten laga zieten. Ongi burututako estrategia jokaldi batzuei eta banakako jokaldiei esker mantendu ziren horiek partidoan sartuta. Lehen zatiaren amaieran bisitariek agintzen zuten 12 eta 13.

Atsedenaldiaren ondoren Jose Angelen mutilak gogotsuago kantxaratu ziren arren ez zuten markagailuan aurretik jartzea lortzen eta indarrak orekatuak jarraitzen zuten. 40. minutan, eta 17nako berdinketarekin zirelarik, etxekoek bizitasun apur bat gehiago jarri zioten norgehiagokari eta 50. minutuan hiru goleko aldea zuten (25 eta 22). Ordiziarrak ez zeuden ordurarte eginiko lan txukuna alferrik galtzeko eta azken ahalegin batean gol bakar batera gerturatu ziren amaierarako bi minutu falta zirela, bainan etxekoek izan zituzten erasoko jokaldietan asmatu eta garaipena Ispillan gelditzea lortu zuten. Amaieran 32 eta 30.

Garziandia eta Maniegaren lana, 11 eta 8na gol urrenez urren, aipagarria izan zen une zailenetan taldea bizirik mantendu zutelako. Gainontzeko golak honela banatu ziren Burgerak 4, Cabrerak 3, Mujika eta Garraldak 2na eta Alberdik 1.

Jubenilen ondoren kadeteak kantxaratu ziren Bergarakoen aurka indarrak neurtzeko. Partida ona jokatu zuten, onena ez esatearren onenetarikoa. Hasiera ona eman zioten partidari, hiru goleko aldea lortuz eta mantenduz. Hala ere, bigarren zatian zuten abantaila bisitariek bera bota zuten eta bereziki estua izan zen bigarren zati bat ikusteko parada izan genuen. Zoritxarrez azke unean balantza Bergaratarrentzat okertu zen. (22 - 23)

"Kanario" eta Jon Mendiaren mutilek puntu bat behintzat merezi zuten, baina ez zuten lortu. Hala ere, esperantzaz bete gaituzte eta ziur gaude hemendik aurrera lortuko dituztela garaipenak.

Hori dena arratsaldean izan zen, goizean benetako derbya izan genuen. Infantil kategoriako UROLA ET GOIERRI BUS taldea urtebete zaharragoa da UROLA ET SUPER BM taldea baino, eta hori hasiera hasieratik nabaritu zen. Emaitza gutxieneko da maila hauetan. Hemen eskubaloiaren inguruan gozatu eta ikastea da helburua, eta hori ez da lortzen, gure iritziz behintza, lehen urtekoak eta bigarren urtekoak nahasten, horrela sekulako tarteak sortzen direlako.