Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

EZINEZKOA IZAN ZEN


Infantil gizonezkoak 28 eta 21eko emaitzaz galdu zuten JD Arrateren aurkako norgehiagoka.


Lehen herenean, defentsan kontzentraturik eta erasoan baloia azkar mugituz, gure mutilek hobeak izan ziren. Ongi mugitu zen pibotarekin jokoa lotuz eta hegalekoei baloia zabalduz, lehenengo atsedenaldira esperantzaz beteriko 6 eta 9 batekin iritsi ziren.

Bigarrengoan, derrigorrezko aldaketak egin ondoren, horitxoek indarra eta eraginkortasuna galdu zuten. Eibartarrek zazpiko indartsua eta azkarra jarri zuten jokoan eta defentsan presioa eginez eta kontraerasora jokatuz, bostgarren minuturako, 7 eta 0ko partziala eginaz, markagailua irauli zuten. Ikerren mutilak zertxobait suspertu ziren arren, atsedenaldira 19 eta 13koarekin iritsi ziren.

Hirugarren eta azken herena ongi hasi zuten UROLA KE PREMANKekoak, defentsan sendoago eta erasoan eraginkorrago jokatuz, desabantaila lau goletara murriztea lortu zuten. Arratekoak, ordea, ongi eutsi zioten eta kontraerasora jokatuz tartea mantendu zuten, amaierara aipaturiko 28 eta 21ekoarekin iristeko.

Partida honekin Infantil Gizonezkoak amaitutzat, oraingoan bai, ematen dute denboraldia. Porrot batekin amaitu arren gure mutilen lana goraipatu beharra dago. Gipuzkoako laugarrenak izatea harro egoteko modukoa bada, ez da gutxiagorako jokalariak erakutsi duten jarrera, konpromisoa, ikasteko gogoa eta une txarretan erakutsitako kemena. Talde giroa, entrenatzailearekiko, epaileekiko eta gainontzeko taldeekiko izandako begirunea azpimarragarria dira. Horrela jarraituz gero etorkizunean poztasun gehiago etorriko dira.

Partida guztietan taldetik gertu izan den zalegoaren jarrera ere txalogarria izan da. Dunbalez, turutaz, banderaz, oihuka... mutilak etengabe animatu ditu, bai une gozoetan eta bai une zailetan ere.

GUZTIEI, MILA ESKER.

Eta denboraldiari amaiera emateko, FESTA. Larunbatean, maiatzak 30, 12:00etan, guraso eta semeen arteko norgehiagoka izango Ispillan eta gauean, denboraldi bikain honi merezitako amaiera emateko, jokalari eta senitarteko guztiak afaria izango dugu.