Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

HASTEKO, GARAIPENA


Usurbilen irabaziz ekin dio igoera faseari UROLA KE LAZTIk, (32 – 33)


Atzo hasi zen Gipuzkoako mailatik 2. Nazionalera igotzeko fasea eta gure mutilek Usurbilen egin zuten debuta. Usurbilgoa beti izan da kantxa zaila, baina horitxoek garaipen garrantzitsu bat lortu zuten, ongi hastea eta etxetik urrun partida bat irabaztea funtzeskoa izan daiteke txapelketaren garapenerako.

Partida oso orekatua izan zen. Lehen minutuetan etxekoek partidaren ekimena hartu eta bizi-bizi jokatu zuten. Gure mutilek aldiz, urduri, lotuta ziruditen eta ez zuten ohiko jokoa lotzerik asmatu. Hori dela eta usurbiltarrak markagailuan aurretik jarri ziren eta une batez lau goleko aldea ere izan zuten. Orduan Iñigo Canterok huts tartea eskatu zuen eta horrek bere gizonak suspertzeko balio izan zuen, tartea murrizteaz gain, atsedenaldira gol bateko abantailaz iristea lortu bai zuten (18 – 19).

Bigarren zatian, bi taldeek partidaren bila kantxaratu ziren eta ondorioz oso partida bizia eta borrokatua ikusi ahal izan zen. UROLA LAZTIk sutsuago defenditzen hasi zen eta Aitor Aizpuru atezainaren geldiketei eta Alain Beltzaren golei esker, bi goleko aldea lortu zuen. Usurbildarrak ez ziren amore emateko prest eta amaieratik gertu hogeitamarnako berdinketa lortu zuten. Horitxoek erasoan maisuki burututako bi jokaldi baliatu zituzten bi goleko aldea berriz ere ezartzeko. Emaitza behin betikoa zirudien, baina etxekoak gol bat sartzeko denbora izan zuten eta azken uneko geldikako jaurtiketa batez berdinketa lortzeko zorian izan ziren. Amaieran 32 eta 33, eta UROLA LAZTIk igoera faseko bi lehen puntuak poltsikoratu zituen.

Asteburuan Sestaoko taldea izango dute bisitari, igoerara gerturatzeko beste bi puntu lortzeko aukera berri bat, baina ziur gogor borrokatu beharko direla.