LIGAKO AZKEN PARTIDA UROLA EK GOIERRI BUSENTZAT (KN)

Liga amaitzen gure azken taldea izan da. Orain denok Kopan buru-belarri
Hogeita sei jardunaldiren ostean, UROLA EKO GOIERRIBUS taldeak asteburu honetan amaitu du Ligako ibilbidea. Ainhoak eta Naiarak entrenatutako neskek garaipenarekin amaitu dute fase erregularra. Hamairu garaipen, bi berdinketa eta hamaika porroteko balantzeak, meritu handiko seigarren postuan sailkatzeko balio izan die. Zorionak guztioi egindako lan eta ahaleginagatik.
Gainerakoan, gure talde askok atsedena izan dute Kopan. Hiru eta lau taldeko multzoetan antolatuta daude Kopak, eta beraz, lauko multzoetan sartutako taldeek bakarrik jokatu dute. Bost taldek defendatu dituzte gure koloreak asteburu honetan eta bakarrak lortu du garaipena. UROLA EK CONSTRUCCIONES ANTIO izan da. Garaipen erosoa lortuta, Malkorbe Kopan lehiatzen duen multzoko bigarren postua lortzeko borrokan jarraitzen du.
Beste lau taldeak infantil mutilak eta neskak izan dira. Nahiz eta gehienak lehiakor agertu diren, lauretako inork ez du garaipenik lortu. Porrotak porrot, finalerako sailkatzeko aukerak daude oraindik. Borrokan jarraituko dugu!
Aspaldiko partez, Klubeko gazteenek ere, alebin eta benjaminak, jardunaldia izan dute. Gure neska-mutilek jokatzeko irrikitan zeuden eta gogotsu aritu dira. Alebin Mixtoko taldeak, kantxa osoan jokatzen duena, garaipena lortu zuen igandean Ispillan. Ondoren, Eskubaloi Eskolakoek topaketak izan zituzten. Gu izan ginen anfitrioi eta Bergara KEren eta La Salle Legazpi Eskubaloiaren lagunak izan genituen bisitari. Primeran pasa zuten !!!