Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

JARDUNALDI OPAROA UROLA LAZTIRENTZAT

alt
Lurraldeko lehen mailako taldea

Garaipenaz gain beste emaitzak ere aldekoak izan dira gure taldearentzat.


Horri esker, UROLA LAZTIkoek hirugarren jarraitzen dute sailkapenean, baina oraingoan bigarren sailkatuarekin puntutara berdinduak eta hirugarren postuan dauden taldeei hiru puntuko aldea ateratzen dielarik. Beraz onerako jarduera izan dela ziurtatu genezake.

Larunbatekoa partida deserosoa izan zen. Gogor borrokatu eta elastikoa erabat busti beharreko horietakoa. Donibaneko kiroldegian puntuak eskuratzea ez da inoiz samurra izaten, baina horitxoen lehen taldekoak partiduaren garrantziaz jabetu eta buru belarri saiatu ziren jokan ziren bi puntuak poltsikoratzeko.

Lehenego zatiaren amaieran gauzak ilun, etxekoak aurretik bai ziren markagailuan (14-11) eta zaila zirudien punturen bat eskuratzea. Baina gure mutilek ez ziren kikildu, burua hotz, hanka arin mantenduz eta ausart jokatuz, markagailua iraultzea lortu zuten (24-26). Horrelako garaipenak taldearengan konfiantza eta segurtasuna berreskuratzeko balio dutenak izaten dira.

Arerio zuzenen emaitzak ere gure aldekoak izan ziren. Bigarren sailkatuak, Usurbilek, etxean ormaiztegitarren aurka galdu zuen, eta atzetik segika genituen legazpiarrak eta eibartarrak berdinketa bana besterik ez zuten lortu.

Datorren asteburuan azken sailkatua izango dugu bisitari Ispilla kiroldegian. Partida erraza dirudien arren, aurtengo denboraldian arerio txikirik ez dagoela garbi gelditu da, beraz hobe lukete Iñigoren mutilek lehenengo minututik hortzak estutu eta Donibanen erakutsitako jarrera bera edukitzea.