OSTIRALEKO DERBIA ORMAIZTEGITARRENTZAT (22-23)
UROLA LAZTIK sailkapeneko goi aldean sendotzeko aukera galdu zuen, Santa Lutzi bezperan Ormaiztegi KEaren aurka galdu ondoren.
Merezimendu osoz galdu zuen UROLA LAZTIK ostiral arratsaldean jokaturiko partidoan. Igoera fasea jokatzeko asmoak dituen talde batek ezin du gure mutilek eman zuten itxura eskaini. Ispilla kiroldegira gerturatu ziren zaleek taldearengandik gehiago espero zuten, baina etsita itzuli ziren beraien etxetara.
Partidoaren hasieratik garbi gelditu zen gol gutxiko norgehiagoka izango zela, defentsak erasoei nagusitzen bai zitzaien. Horrela lehengo zatian markagailuak tarte txikietan mugitu zen, baina beti bisitarien aldekoak izan ziren. Zubipekoak atea errazago aurkitzen zuten bitartean, Horiak behin eta berriz bisitarien atezainarekin eginten zuten talka. Atsedenaldira bisitariek bi goleko aldeaz iritsi ziren, 10 eta 12.
Bigarren zatian etxeko taldea esnatu zela zirudien, partidoa berdintzeaz gain bi goleko errenta ere izan zuelako hainbat unetan. Baina ez zuen partidoa irakurtzen asmatu, kanpotarrak berriz ere egin ziren ekimenaren jabe eta hamar minutu faltan markagailuan aurretik ziren. Azken une horietan etxeko jokalariengan nekea nabaria zen eta ordezkoen aulkia mugitzen asmatu ez zutenez, freskotasuna falta izan zuten markagailua iraultzeko. Azkenean, amaierarako minutu erdi falta zela, ormaiztegitarrak penalti bati esker behi betiko 22 eta 23koa ezarri zuten.
Emaitza honek min eman du Urretxu-Zumarraga aldean, batez ere jokalariek erakutsi zuten jarreragatik. Epel, geldo odolik gabe... aritu ziren gure jokalariak eta horrelako jarrerarekin zaila bada edozein partido irabaztea, are zailago izango da igoera faserako sailkatzea. Berriz ere horrelako itxurarik ez emateko, taldeak hausnarketa egin beharko du eta beraien kemena indartu. Datorren asteburuan, Egiaren aurka Donostian izango duten norgehiagokan, horretarko aukera izango dute.